David Hockney

 IKUSPEGI ZABALAGO BAT

2012ko maiatzak 15–irailak 30

Ba al zenekien… ?

Ba al zenekien Hockneyk askotariko teknikak erabili izan dituela bere ibilbidean?

Atal honetan David Hockneyren sortze prozesuaren “ikuspegi zabalago bat” aztertzen da eta honako alderdiak azaltzen dira: urmargoen eta pintura akrilikoen erabilera; hainbat operarako egindako eszenografia-diseinuak, esaterako, Igor Stravinskyren Libertinoaren bidea (1951) eta Wolfgang Amadeus Mozarten Txirula magikoa (1791) lanetarako; perspektiba lantzeko optika-tresnak eta argazki-kamerak erabilitako modua; eta teknologia berriek, hala nola, iPhone eta iPad gailuek, sorrarazten dioten interesa.

Eszenografiak

Eszenografiak eta haiei lotutako lanak David Hockneyren ekoizpenaren alderdi garrantzitsuak dira, ezagunak ez diren arren. 1975ean sortu zuen opera baterako lehen diseinua, Igor Stravinskyren Libertinoaren bidearako (1951), eta, harrezkero antzerkiak eragin handia izan du haren artean eta estetika ulertzeko moduan. Ondoko irudian opera horretako maketa bat ikus ditzakezu, originala, tintaz eta kartoi gaineko argazkiz egindakoa.

Eszenografiak egiteko Hockneyk askotariko baliabideak eta teknikak erabiltzen ditu, besteak beste: grabatuak, collageak eta pinturak; gainera, hiru dimentsioko objektuetan ere horiek guztiak erabiltzen ditu. Askotan maketak egin zituen —hasieran hemengo modukoak, txikiak—. 1981n The Metropolitan Opera antzokiko sei operatarako eszenografiak egin zituen: Erik Satie-ren Desfilea (1916–17), Francis Poulenc-en Tiresiasen bularrak (1947) eta Maurice Ravel-en Haurra eta sorginkeriak (1917–25); urte horretan bertan, beranduago, Stravinskyren hiru operetarako diseinuak egin zituen: Udaberriaren sagaratzea (1913), Erresiñola (1914) eta Oedipus Rex (1927).

Eszenografiok haren bizitza pertsonalean ere izan zuten eragina; esaterako, handik gutxira erabaki egin zuen Los Angelesko etxea lan horietako urdin eta gorri biziez margotuko zuela. Nolanahi ere, beste eszenografia batzuk egin zituen gerora opera hauetarako: Richard Wagnerren Tristan eta Isolda 1987an, Giacomo Pucciniren Turandot 1992n eta 1993n eta Richard Straussen Itzal gabeko emakumea 1993an eta 1996an.

Eszenografiak

Kolore bizi-biziak eta eskala handiko diseinuak egin zituen lan horietarako, eta ezaugarri horiek urte batzuk beranduago Yorkshire-ko paisaietan, erakusketan daudenetan, adibidez, ikus daitezke.

Eszenografien eragina ere beste lan batean ikus daiteke argi: Udaberria heldu da, Woldgate, East Yorkshire, 2011 (bi mila eta hamaika) [The Arrival of the Spring in Woldgate, East Yorkshire, in 2011 (twenty-eleven)]. 52 zatiko lana da, iPad bidez egindako 51 marrazki eta 32 mihiseren gaineko pintura bat. Horren handia da, ezen zinemaren nolakotasunak hartzen dituen, eta hargatik antzerkigintzako eszenaratzearen ikuspegi horren bilakaeratzat har daiteke.

Urmargoak

1960ko hamarkada hasieran David Hockneyk olio-pinturak alde batera utzi eta ur-oinarriko akrilikoak erabiltzen hasi zen. Izan ere orduantxe garatutako baliabide berri hori denbora luzez erabili zuen, Los Angelesko argiaren ezaugarriak eta giro eguzkitsua aditzera emateko aproposa baita. Pintura mota horren ezaugarri diren kolore biziekin efektu txundigarriak lortu zituen Hockneyk dutxak, igerilekuak eta belardietako ihinztagailuak irudikatzen dituzten 1960ko eta 1970eko hamarkadetako koadroetan.

XXI. mende hasieran Hockneyk akuarelak erabiltzen hasi zen, askotan teknika zaharkitutzat jotzen den arren. Teknika guztiz menderatu arte ekin zien urmargoei, asko estimatzen baitu azkar lan egiteko ematen dion aukera. 2002 eta 2004 urte artean hainbat bidaia egin zituen Europako iparraldean eta hegoaldean, eta horiek oinarritzat hartuta, akuarelaz egindako paisaiak burutu zituen; haren hitzetan “sinpletasunera itzultzea” zen xedea. Horrelako lanetan Hockneyk espazioaren efektua lerro gutxi batzuk erabilita sortzeko saiakerak egiten ditu. Teknikari so egiten badiogu, kolorearen azpian ez du arkatzik erabili, pinturarekin marraztu du zuzenean paper gainean; “ahalik eta pintzelkada gutxien erabiliz” gainera. Koloreen paleta ere murriztu du, inoiz lau kolore bakarrik erabiltzen ditu.

Urmargoak

Naturan begi aurrean zuena margotzen hasi zenean Bridlington inguruan (East Yorkshire), Hockneyk akuarelak erabili zituen urtaroaren arabera paisaian agertzen ziren aldaketak jasotzeko. Erakusketan Yorkshire gaitzat duten 36 akuarela daude ikusgai.

iPadak

Hockney aitzindari izan da beti artegintzan teknologia harrigarriak erabiltzeko orduan: urrenez urren baliatu da Polaroid kameraz, faxaz, iPhoneaz 2009an, iPadaz 2010ean eta definizio handiko DVRaz azkenekotan. Izan ere, iPadak zirriborroen koadernoak ordeztu ditu hein batean.

Hockneyk oso gustuko du iPad gailuak ematen dion bat-batekotasuna, oso azkar lan egitea ahalbidetzen baitio eszena bat irudikatzean gertatzen diren argi eta egurats-aldaketak jasotzeko. Atal honetako irudietan Hokney begi aurrean duena marrazten ikus daiteke gailuaren Brushes aplikazioaz baliatuz. Jarduteko modu horrek inpresionistek naturan, “en plein air”, margotzeko zuten ohitura ekartzen du gogora; gai bera ikuspegi berberetik baina eguneko ordu edo urtaro desberdinetan irudikatzen zuten. Hokneyk orduak ematen ditu naturan margotzen baliabide askotan, urtaro guztietan.

Kaliforniako Yosemite bailara gaitzat hartuta 2011n egin zituen iPad bidezko marrazkien inprimaketak paisaia sublimearen azterketak dira. Hauetan eta antzeko beste lanetan Hokneyk XVIII. mendean egindako edertasunaren eta gorena edo sublimearen arteko bereizketa aditzera eman nahi du. Filosofo eta politikari Edmund Burkek proposatu zuen bereizketa hori eta ondoren Kant filosofo alemaniarrak argitu zuen Kritik der Urteilskraft (“Judizioaren kritika”, 1790) liburuan. Ideia horien arabera edertasuna objektuarekin formari lotzen zaio eta ondorioz mugak ditu; gorena edo sublimea, aldiz, formarik gabeko objektuetan bilatu behar da, hau da, mugagabetasunean adierazten da.

iPadak

Marrazkiak tamaina desberdinetan ekoiztea ahalbidetu dio. Are gehiago, gailu honek artegintzarako aukera berriak eskaini dizkio Hockneyri.

Argazkigintza eta beste optika-baliabide batzuk

Hockneyk muturreko jarrerak hartu izan ditu kameraren erabilerarekiko: sasoi batzuetan guztiz alde egin eta etengabe erabili izan du; besteetan, aldiz, erabat baztertu.

1970eko hamarkadan, argazkigintza erabili zuen subjektua eta ikuslea izateko. Garai horretan, senitartekoak eta lagun hurkoak haren lanaren ohiko gai bihurtu ziren, bai argazkietan bai bestelako euskarritan egindako lanetan. Gurasoak estudioko erretratu tradizionalen modelo izaten ziren eta, 1980eko hamarkadaren hasieran, lagunak Polaroid kameraz egindako ale askoko argazkien konposaketetan agertzen ziren.

Argazki-collage horiek kubismoaren zatikatzea dakarte gogora, eta, izan ere, Pablo Picassoren eragina dute, Hockneyk oso miresten baitu. Etengabe lan egin zuen horrelako lanak egin zituenean: 100 Polaroid argazki baino gehiago egin zituen eta 200 argazki-collage, Pentax 110 eta Nikon 35 mm kamerez ateratako irudiez.

Fotokopiagailuak ere erabili zituen inprimaketa ugariak egiteko eta faxez bidaltzeko. Hala bakarrik eta arin lan egin zezakeen teknika horrekin. Sortze-prozesuaren bide asko ireki zizkioten gailu horiek.

Argazkigintza eta beste optika-baliabide batzuk

Ondoren, tarte batez, eta modu oso sakonean tresna optikoen aspaldiko erabilera, artegintzan, ikertzen jardun zuen. Antzinako maisuei begiratu zien; haiek lenteak, ispiluak eta beste tresnak batzuk, hala nola, 1807an patentatutako camera lucida, baliatzeko moduari. Camera lucida gailua saiatu nahi zuen, eta 1999 eta 2000 artean 280 marrazki baino gehiago egin zituen —erretratuak— tresna horri esker.

Azkenaldian, teknologia digitalaz, argazkiez nahiz bideoez, baliatu da Hockney. Tamaina handiko eta elementu askoko paisaiak sortu ditu horien bidez, eta erakusketan horrelako lanak daude ikusgai. Argazkiak ez zituen artelana egin aurreko prestaketa-urratsetan erabili, baizik eta lanaren bilakaera ikusteko: elementu bakoitzari argazki bat atera zien eta hura ordenagailuan sartu; horrela, guztiak batu eta artelanaren ikuspegi edota itxura orokorra ikus zezakeen.

Babeslea

Babeslea Iberdrola
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.